Kaixo!!
Pasa den larunbatean, apirilak 17, "Mokolo,eskerrik asko!" omenaldia ospatu zen azkenean. Mokolori merezi zuen omenaldia eskeintzera jende pila bat bildu ginen Tolosako Leidorren eguerdiko 12etan.
Emanaldia hastear zegoela izugarrizko giroa nabarmentzen zen Leidorren. Jendez lepo zegoen eta ume eta gazte ugari ikusi zitekeen Poxpolo ta Mokoloren kamixetekin.
Izugarrizko martxarekin hasi zen omenaldia: Juan eta Iratik, Mokolori eskeinitako dantza elegante batekin ireki zuten teloia. Ondoren, Potxin eta Patxin malabaristen txanda izan zen. Poxpolok bere konpainiarekin batera "Eman bolumena ta martxa!" abestia kantatu zuen, Hipo eta Tomax kirolariei sarrera eman aurretik.
Txirri,Mirri eta Txiribiton eta beraien Juniorrak sartu ziren bapatean eszenatokira, eta momentu gozo bat utzi ziguten "Seintxoa" abestiarekin.
Poxpolok motoa arrankatu zuen segidan jende guztiari irrifartxo bat ateratzeko asmoz. Gari,Montxo eta Joselontxo musikariek jende artetik azaldu ziren beraien instrumentuekin, eta ederki jo zioten adarra Montxo eta Joselontxok Gariri.
Porrotx eta Marimototsek kolorezko bandera osatu zuten majiaren bitartez eta Poxpolo triste zegoenez, Porrotxek marrazki bat oparitu zion "Maite Zaitut" abestu baino lehen.
"...hain zaila da, ulertzea, nik bi oinak lurrean, zu airean..." abestu zion Poxpolok Mokolori, eta bapatean pertxero batetik zintzilik zegoen Mokoloren gabardinarekin, inoiz baino gertuago sentitu genuen denok Mokolo.
Aretoko alde guztietatik atera ziren pailazo guztiak, eszenatokiraino igo eta azken abestia kantatzeko: "Gero arte, Laiste arte".
Sentimentuz beteriko eguna. Inoiz ahaztuko ez duguna. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu bihotz-bihotzez: Leidorreko langileei, Potxin eta Patxin-i, Hipo eta Tomax-i, Txirri,Mirri,Txiribiton eta Juniorrei, Gari,Montxo eta Joselontxori, Porrotx eta Marimotots-i, sukaldariei, teknikariei, eta nola ez... beti gure aldamenean zaudeten guztioi!!! MILA ESKER!!!
Muxu potoloak!